2009/10/12

Reala 2- Salamanka 0. Liderrak!!!!!


Aspaldi realak bizi duen egun haundiena bizi izan zuen atzo. Bezperan Herculesek berdindu eta gero, Realak eskura zuen bigarren mailako lidertzan jartzea. Astean zehar Lasartek aukera honi garrantzia kendu badio ere, zale askok gogo haundia zuten beren taldea sailkapenaren gorenean ikusteko, bigarren mailan gaudenetik lehen aldiz.
Eta realak ez zuen huts egin. Hasieratik partiduaren jabe egin zen, eta 2-0 irabazi zion Salamankari, zalantzarako arrazoi haundirik eman gabe. Griezmannek eta Ansotegik sartu zituzten golak, eta beste jokalariren batek ere merezi zuen berea, Agirretxek kasu, baino markagailua bere horretan geratu zen.
Realak falta zitzaion pausua eman du. Aurreko komentarioetan esaten genuen jokalari onak bagenituela, eta konfidantza hartzea falta zitzaiela. Ba dagoeneko hartu dute (Soriako partidua garrantzitsua izan zen horretarako), eta orain nik ez diot ikusten sapaia talde honi. Iruditzen zait bigarren mailan gaudenetik agian talde onena aurtengoa dela, eta oraindik garapena duela, jokalari gazteenak hazten dihoazen heinean (Griezmann, Zurutuza...).
Azkenak aipatu ditudan bi hauekin nago ni kontentuen. A ze bi jokalari!! Gazteenak baloia ikutu orduko ikusten da zerbait duela, zein ondo tratatzen duen baloia. Gauzak erraz egiten ditu eta teknika ona dauka. Ze pena bota zuen falta hori...Ez da De Pedroren hanka ezkerra (bakarra izan zen hura) baina badauka antza...Eta Zurutuza? Khoklov, Zidane...horrelako izenak entzuten dira Anoetako harmailan hendaiarraren jokoa deskribatzeko. Nik ez dakit jokalari honek aurreko urteetan ez zuen balio...orain taldearen liderretako bat dirudi...baloia hartzen duenean zerbait ona gertatuko denaren sensazioa izaten dut, ez duela baloia inolaz ere galduko. Oso ona!
Beno, mailot horia hartu dugu eta orain Kanpo Eliseotara ailegatzea da helburua. Batzuk esaten dute mailota azkarregi hartzeak kalte egiten duela, gehiago pisatzen duela, baino nik uste dut errefortzua besterik ez dela izango talde honentzat, bere buruengan sinisteko aitzaki bat. Hala bedi. Eta zale guztientzako deialdi bat: Valentzia ez dago hain urruti...
Banan bana:
Riesgo: Atezain haundia da. Ez dakit nola ez duen berarengatik benetako apustua egin inongo taldek udan. Aurreko denboralditan puntu mordoa zor diogu debarrari, eta atzo ere egin behar izan zituen meritozko geldiketak.
Estrada: Pozten naiz zarauztarrari gauzak ondo dihoazkiola ikustean. Honek entzun behar izan duenarekin...
Gonzalez: Beckenbauer!
Rivas: Ondo, ez da hain txarra teknikoki, ezta?
Agirretxe: Animo, Imanolo, sartuko dek eta...
Lasarte: Gustatzen zait entrenatzaile hau eta nola ateratzen den aulkitik, ze energiarekin. Matxete, herria zurekin!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario