2009/10/09


Hernaniko historia arinkeriaz idazten denean

Beñi Agirre Oiartzabal Hernaniko nafar hiritarra
2009/10/07 - Asteazkena

Jaso berri dut Hernaniko udalak argitaratutako ´Hernani, udal gida`. Alkate andrearen hitzetan ´tresna baliagarria izan nahi du, bai hernaniarrentzat edota kanpotik gerturatzen zaizkigun guztientzat`. Zilegi balekit, lerroak ai­tzakia hartuta, zoriondu nahi nituzke Marian eta gainerakoak herrigintzan egiten ari diren lan eskergatik eta elkartasuna adierazi nahi nieke gainerako guztian; baina, liburuxka horretan Her­na­niko historiari buruz idatzi dutenek barkaezineko arinkeriaz aritu direlakoan nago.

Honela dio lehenengo paragrafoak hitzez hitz: ´Antzinan, Hernaniko bailara lurralde zabala zen eta Urumea eta Oria ibaien arteko lurra har­tzen zuen: gaur egungo Donos­tia­ko, Urnietako, Hernaniko, Lasar­teko, Usurbilgo, eta Orioko udalerriak. Izendapen geografiko gisa, Hernani 1014. urtean agertu zen lehen aldiz dokumentu batean. Antza denez, XIII. mendearen erdialdean eman zioten hiribildu titulua, fundazio gutuna gorde ez bada ere, Gaztelako errege Alfontso X.a Jakitunaren politika espantsionistaren testuinguruan.` ´Izendapen geografiko gisa, Hernani 1014. urtean agertu zen lehen aldiz dokumentu batean`. Ados, baina ez zen izango toponimo hutsa, jendea ere biziko zen lurralde horretan, ezta? Edo, Arano eta Astigarraga bitartean historia aurreko aztarnatan hain aberatsa den tokian, ez al zegoen garai horretan jenderik, etxerik edo artzain txabolaren bat bederen? Zer eratako jendea zen? Zein egitura politikoaren testuinguruan bizi ziren 1014an? Ez da esaten; agian, apropos ez da esaten. Zeren eta jakin badakigu data horietan eta inguru hauetan baskoia deitutako jendea bizi zela eta, 1014.ean zehazki, hernaniarrak Antso III.a Nagusiaren erresuma nafarraren barruko hiritarrak zirela. Baina ez da esaten.

Data horretatik XIII. mendera pasatzen dira kolpe batean artikulu egileak, Gaztelako Alfontso X.a Jakituna (1252 - 1284) erregearen garaira hain zuzen ere; eta hemen bai, hemen argi esaten da Errege espainolak eman ziola Hernaniri hiribildu-titulua. Hau da, Hernani espainolek fundatua edo sortua dela alegia. Izendapen geografiko baten gainean, jendez hustua zegoen leku batean, nonbait, Hernaniko herritarrei teilatupeko etxea jarri zieten. Testuaren interpretazioa nirea da, jakina, baina gure herriaren historiari buruz asko ez dakien ´bai hernaniarren­tzat edota kanpotik gerturatzen zaizkigun guztientzat` ondorioztatze oso logikoa dirudi. Nekez aurkituko da, ezker abertzalea tarteko, espainiartasunaren antzeko apologiarik. Barka biezadate ezker abertzaleko jende kultuak. Zer dela-eta dute nazionalista espainiarrek hainbesterainoko interesa garai tarte hori ezkutuan gordetzeko?

Hasteko, jada 1180. urte inguruan, Antso VI.a errege nafarrak (1150 – 1194) emana zion Donos­tiari, Hernani izendapen geografikoaren barruko hiriari, bere hiri gutun edo frankoen forua. Nekez pentsa daiteke garai horretan Donostiakoak nafar lurrak izatea eta Hernanikoak, berriz, gaztelarrak. Lazgarriena, ordea, ezkutuan gorde nahi dena da: 1200. urtean, Antso VII.a Azkarra errege baskoia Marokon zegoela aprobetxatuz Gaztelako Alfontso VIII.ak nafar lurrak inbaditu zituela, Gasteiz setiatu eta suntsitu ondoren Araba eta Gipuzkoa hartzea lortu zuela, Donostiako Urguleko gaztelua eta harresiak sendotu zituela eta Hondarribia gotortu egin zuela.

´Politika espantsionistaren testuinguruan` baino, inbasio militar baten bidez argi eta garbi. Horra hor gure historiaren harri bitxia, gutxitan aipatua, hezkuntzaren Curriculumetan inoiz ez irakatsia, espainiar nazionalismoak zazpi zerrapoez ilunpetan gordea. Horra hor hainbat euskaldunen ezjakintasunaren iturria, abertzale omen diren hainbaten gure historiaz analfabetoak izatearen seinale argia. Horra hor gure tragedia. Amaitzeko, horra hor espainiarrek gure herria armaz hartu ondoren, eta bertan egon zitekeen nafar izaeraren aztarna guztiak suntsitu ondoren, nola ´sortu` zuten Hernani.

No hay comentarios:

Publicar un comentario